XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dios, ez da desgrazia makala adiskide lerdo bat!, pentsatu zuen, ez dakit zenbat orri irakurririk zeramanean, artista batek artista baten gainean eginda.

Irakurleak irakurtzen jarraitu zuen, kandelak mahain gainean biztuta, aurreritzi eta gogorazio eta oroitzapen txar denak berbizten hasi zitzaizkiola eta ezin zuela ezer egin horren kontra, sentitzen zuen artean apenaturik, alfer-alferrik bait zen barrenaren kontra burrukatzea.

Ikasi zuen gau hartan gauza miragarririk franko irakurle irakurlariak!.

Nola artista bat izan zen, euskaldun poeta bat, sekula izan den poeta hoberena, denek txalotzen eta goratzen eta saritzen eta kopiatzen eta plajiatzen eta kantatzen bait zuten; baina, oi mirari, mirariaren, misterio saindu baten bidez, denek gorrotatzen zuten eta inork ezer publikatzen ez zion eta aldizkari guztiek ateak hersten zizkioten eta inork ez zuen konprenitzen, artista baten gainean idatzi duen artistak baino.

Eta zeruetako ilargiaren azpian, kandelak ia gastatzen ari zirela, bere aurreritzi eta gogorazio eta oroitzapen txar denak berriro biz-bizturik zeuzkala, pentsatu zuen: Dios, adiskide lerdo bat ez da desgrazia makala!.

Abdelamir, Abdel Kamelen semea, egonarri haundiko gizona da, irakurtzea bada kontu.

Ez zen desanimatu.

Alah boteretsuari laguntza eta indarra belauniko eskatu ondoren, gau luze osoa irakur eta irakur eman du, ehun orri, berrehun orri, larehun orri, indize eta guzti (aurkibiderik ez zuen liburuak).

Abdelamir inpresionaturik dago mundu honetako injustiziaz.

Abdelamir tristaturik dago herri ttipietako jende ttipien ttipikeriaz artista haundiekin.

Abdelamir, kandela itzaliaz, belauniko, zeruetako ilargiaren azpian, Alah boteretsuari otoitzean hasi da, esker otoitz emozionatu bat, artista haundiak, azkenean, konprenitu duen eta herri ttipiko jende ttipi guztiei artistaren haundia konprenieraziko dien artista haundia kausitu duelako: Alah, jaun ahaltsu, boteretsu Alah / begira nazazu adiskidetatik, / etsaietatik neu begiratuko naiz.

Eta ilargia itzali zuen.

Ez dakizula zein liburu den? (Soluzioa hurrengoan).

Argitaletxeak eta Unibertsitatea

Denok Euskal Unibertsitatea darabilgu ahotan.

Baina Unibertsitatea ez da etxeren bat eta irakas-ikasle mordo bat eta kurtso batzu soil, ezta?.

Holako esaunde zuhurrak esaten bait dituzte orain zuhurrek.

Ba, liburu produkzio unibertsitario bat ere izan behar luke Unibertsitateak.

Eta hor ikusten dugu, gure Unibertsitate nahia, egin bedi argia!, agindu zuen ahalguztidunaren moduko dela nonbait.

Egin bedi Unibertsitatea!.

Eta argia ez da bizten.

Unibertsitatea ez da sonbrerotik prestidijitatzen.

Unibertsitatea ez da Madrilgo baimen miragarri baten lanpara magikotik ere sortzen.

Euskal editorialak ez dira Unibertsitaterik egiten ari.

Duela urte batzu agertzen zituzten asmoak eta suharra ikusi, begiratu zer ari diren gaur, eta guztiz errealista bihurtu direla sumatzen duzu.